“Oso interesgarria da zuk sortutako istorio batetik beste pertsona batzuek disfrutatu ahal izatea”
Aintzane Rodriguezek hilaren hasieran publikatutako “La casa de los artistas” aurkeztuko du larunbat honetan Gasteizen.
​
Usune Ortiz de Zárate
2018ko urriaren 20a
Urriaren 1ean, 19 urteko Aintzane Rodríguez gasteiztarrak bere lehenengo eleberria publikatu zuen. “La casa de los artistas” 20ko hamarkadan New Yorken girotutako istorioa da eta musika debekatzen duen “lege mutuaren” menpe bizi diren 3 gazteren bizipenak kontatzen ditu.
Eleberriaren ideia, Estatu Batuetan 20. hamarkadan boterean zegoen lege lehorra edo alkohola edatea debekatzen zuen legea pixka bat eraldatuz sortu zuen. Protagonistak eratzerakoan gertuko pertsonen zenbait jokabide kontuan hartu zituela baina gehienbat, bere ezaugarriak hiru pertsonaien artean banatu zituela aitortu digu idazleak.
Urriaren lehenengo asteburuan, Madrilen eta Valentzian egin zituen liburuaren lehendabiziko aurkezpenak. Bertan, literatura munduan murgilduta dauden hainbat idazle eta irakurleren aurrean berak sortutako istorio eta pertsonaiei buruz hitz egin zuen eta publikoaren aldetik oso erantzun positiboa jaso zuela esan digu Rodriguezek. Orokorrean, hasieran espero baino jende gehiagok bere liburua erosi eta irakurtzeko interesa erakutsi zuen.
Asteburu honetan (urriak 27), Gasteizen izango dugu bere debut eleberria aurkezteko. Bere jaioterrian aurkezteari dagokionez aurkako sentimenduak dituela aitortu digu Aintzanek. Alde batetik, lasai sentitzen da badakielako ezagun asko joango direla eta bere urduritasuna ulertuko dutela. Bestalde, joango den jendea liburuagatik interesa izan beharrean Aintzane ezagutzen dutelako joango direla sentitzen du eta horrek urduri jartzen duela esan digu.