top of page

Aliatua izatea

Zergatik ez dira feministak feminismoaren alde borrokatzen duten gizonak? Sarritan entzuten dira gai honen inguruko eztabaidak hainbat gizon eta talde feministen artean eta egia esan, galdera honen erantzuna ez da batere zaila.

Historian zehar, emakumeak gizonen menpe bizi izan dira beti, eta nahiz eta, gaur egun emakumeen egoera hobetuz doan, zapalduta jarraitzen dute. Feminismoak indar handiagoa lortzen du egunero, baina oraindik bide luzea geratzen da mugimendu feministaren helburua lortzeko. Aipatzekoa da ere, gero eta gizon gehiagok mugimendu honen alde borrokatzen dutela, orduan zergatik ez diegu feminista deitzen?

​

Alde batetik, emakumeak izan behar direlako emakumeen alde borrokatzen duen mugimenduaren protagonista nagusiak. Bestalde, gizonek feminismoa defendatu arren, bakarrik gizon izateagatik gizarteak eman dizkien eta emakumeok ez ditugun pribilegioak dituzte; beraz, nahita ez pribilegio horien ondorioz zapaldu egiten gaituzte. Honek ez du esan nahi gizonak feminismoaren alde egon ezin direnik, emakumea bere borrokaren buru izan behar dela baizik.

​

Hala ere, badaude arrazoi hauek entzun ondoren feminista deitzea merezi dutela esaten duten gizonak. Benetan feminismoaren alde borrokatzeaz arduratuko balira, “feminista” edo “aliatu feminista” etiketa jartzea berdin izango litzaieke. Beraz, mutil, benetan feminismoaren alde bazaude, ahaztu etiketak eta postureoa eta has zaitez emakumeak errespetatzen eta zure lagunen portaera edo txiste matxistak zuzentzen.

bottom of page