top of page
European Music Awards Bilbon

​

Mundu osoko artistak eta ospe handiko emanaldiak bildu zituen MTVren sariak Euskal Herrian.

​

MTV European Music Awards (EMA izenaz ere ezagunak) MTV telebista kateak Europako musikari urtero ematen dizkion sariak dira. Jatorriz, Ameriketako Estatu Batuetako VMA (Video Music Awards) sarien Europako bertsio modura sortu ziren; baina gaur egun fama handiko emanaldia izatera heldu dira, non ikusleen botoen bitartez urteko abesti eta artista onenak aurki ditzakegun.

 

MTV (Music Televisionen laburdura) 1981ean Warner-Amex Satellite Entertainment-ek sortutako kable bidezko telebista kate estatubatuarra da. Gaur egun, Viacom Media Networks komunikabidearen esku dago. Jatorri estatubatuarra izan arren azken hamarkadetan internazionalizatu izan da MTV, eta Europarako, Asiarako, Latino Amerikarako eta Afrikarako kate bereziak ditu.

 

1994an ospatu ziren lehenengo aldiz sari hauek Europan, Alemanian. Urtero kontinenteko hiriburu bat aukeratzen da EMA-k ospatzeko eta horrekin batera aste oso batean zehar, MTV Music Week deiturikoa, musikarekin erlazionatutako hainbat ekitaldi egiteko. Orain arte sari hauek herrialde hauetan ospatu dira:  

Portugalen (2005), Frantzian (1995), Irlandan (1999), Danimarkan (2006), Suedian (2000), Espainian (2002, 2010, 2018), Italian (1998, 2004, 2015), Herbehereetan (1997, 2013, 2016), Alemanian (1994, 2001, 2007, 2009) eta Erresuma Batuan (1996, 2003, 2008, 2011, 2017).

 

Aurten, EMA-k ospatzeko aukeratutako hiriburua Bilbo izan zen. Urriaren 29ko aste osoan zehar Bilboko eta inguruko herrietako toki ezberdinetan hainbat kontzertu eta ekitaldi ospatu ziren. Baina ekitaldi nagusia ikusteko, aste horren amaierararte itxaron behar izan zuten hainbat abeslariren zaleek. Izan ere, emanaldi garrantzitsuenak eta sarien banaketa igandean ospatu zen, azaroaren 4an.

​

Igande goiza hotz hasi arren, goizean goiz hasi ziren hainbat artisten zaleak BEC-aren (Bilbao Exhibition Centre) kanpoaldean kola egiten. Denbora pasatu ahala gero eta jende gehiago heltzen hasi eta ilara gero eta luzeagoak sortu ziren. Emanaldia hasteko ordua hurbildu ahala pixkanaka-pixkanaka zaleak BEC-aren barnealdera sartzen hasi ziren; lehenengo alfonbra gorria ikusteko sarrera zutenak, ondoren pistan egoteko sarrera zutenak eta azkenik grada batean esertzeko sarrera zutenak.

​

Alfonbra gorria arratsaldeko zortzietan hasi zen, geroago abestuko zuten artistek desfilatu, argazkiak atera eta zaleen artean autografoak sinatu zituzten. Gaueko bederatzietan hasi zen benetako emanaldia, artista esanguratsu, zirraraz beteriko zale eta eszenatoki eta dekoratu izugarriekin. Artisten emanaldiak eta sarien banaketak tartekatuz, hamaiketan amaitu egin zen ekitaldi ospetsua.

​

EMA bezalako ekitaldi bat antolatzea ez da merkea; izan ere, Bizkaiak 3 milioi euro inbertitu zituen MTV-ren ekitaldi guztiak ondo antolatu eta prestatzeko. Baina Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak adierazi dute, aurtengoa 25 urtetan ospatutako EMA-en edizio onena izan zela eta inolako gertakaririk egon ez zela. Gainera, MTV-ren ekitaldiak 46,7 milioi euroko inpaktu ekonomikoa ekarri zuen. Horietako 12 milioi ekitaldiak izan zuen garrantzi mediatikoaren ondorioz lortu ziren; izan ere, 180 herrialdetan eta 450 milioi etxebizitzatan ikusi ahal izan zen. Irabazi horien 27,3 milioi Bizkaiko lurraldean geratu ziren, garraiobide, ostatu eta zaharberritze gastuetan.

​

Oro har ekitaldiarekiko erantzuna positiboa izan zen arren, EMAk Euskal Herrian ospatzearen aurka zeuden talde eta kolektiboek, “Piztu Bilbo, Itzali MTV” plataforma sortu zuten. Plataforma honek "herri nortasuna galtzen ari den hiri ereduaren salaketa" egin nahi zuen. Multinazionalek inposatzen dituzten “hiri ereduei” aurre egitea eta  "oraindik mantendu eta mugitzen den hiri anitza" goraipatzea zuten helburu. Horretarako, MTV Music Week ospatzen hasi zen momentuan, Bilboko hainbat zonaldetan beste motatako ekintzak proposatu zituzten.

bottom of page